Erasmus Sienan
Erasmus beka irailetik otsailera eman zidaten, baina lehenengo hiru asteak pasa bezain pronto, banekien urte osora luzatuko nuela. Gauzak ondo hasten ari zirelaren seinale…….
Erasmus beka eskatzen denean, badirudi ez dela inoiz heltzen joateko unea, baina, bat-batean, hegazkin batean ikusten duzu zeure burua atzerriko herrialde batera joaten. Nire kasuan, herrialde hori Italia izan zen, konkretuki Siena hiria.

Siena Erdi Aroko hiria da eta garai hartako itxura guztiz mantentzen da. Harresi batez inguratuta dago eta eguneroko gauza guztiak horren barruan egiten dira. Batez ere, Piazza del Campo famatuan. Hau, hiriaren bihotza da, erdigunea, eta kale guztiak bertatik abiatzen dira. Egun eguzkitsutan, Piazza jende gazte eta turistez gainezka dago, denak lurrean eserita. Orduak eta orduak pasa ditugu guk hor. Gainera, enparantza honetan bertan ospatzen da urtero il Palio. Urte askotako tradizioa da eta Sienako jendearentzat bizitzaren giltzarria da, gauzarik garrantzitsuena.

Hasierako egunak zailak dira, jakina, baina aste baten buruan, gauzak aldatuz doaz eta konturatu barik, zure bizitza bertan dago. Familia berria egiten duzu, lagun berriak, ohitura berriak. Nire kasuan zortzi pertsonako pisuan bizi nintzen., denak espainolak. Gauzak horrela, ez da harritzekoa, behin eta berriz festaren erdigunea gure etxea izatea. Via Piave 10. zenbakia. Hori zen, ostegunero festa izugarrien eskenatokia. Aldi berean, ez dira harritzekoak ere geroago auzokideekin izan ditugun arazoak, baina hori beste kontu bat da.

Urtean zehar bidai asko egin genituen bai Italian zehar (Roma, Firenze, Napoli, Capri, Sizilia, Venezia, Bologna, Milano, Verona, Parma,…) baita Europako beste herrialdetara era, Polonia eta Txekiar Errepublika hain zuzen.
Hala eta guztiz ere, Erasmus esperientziaz zerbait aukeratu behar banu, dudarik gabe, ezagututako jendea litzateke. Hainbat eta hainbat izan dira aportazio handiak eta txikiak nire pertsonari egin dizkiotenak. Gainera, nolabaiteko anaitasuna dago erasmusen artean. Albokoaz identifikatzen duzu zeure burua, eta hark zureaz. Espero ez zenuen jendea agertzen da, eta espero ez zenuen moduaz gertatzen da dena. Espero ez zenituen egoerak; Villa toscana batean bat-bateko graduazio festa bat, goizeko ordu txikitan etxera heldu kopa bat besterik ez edatea espero zenuenean, urtebetetze festa sorpresa bat,…
Urteak aurrera egiten du. Hasieran oso luzea dirudien arren, konturatu barik ekaina heltzen da. EKAINA=DEPRESIOA. Ametsa bukatzen da eta agurrak hasten dira. Urte betez zure bizitza izan dena mozten da, parentesia ixten da. Orduan zure etxera bueltatzen zara, Italiako zure etxea ere bazen arren, baina ez zara modu berean itzultzen Sienako zerbait, egun hartako zeozer, bidai hartan gertatu zen horren oroitzapen bat, eta abar, eta abar ekartzen dituzu maletan. Guztiz ixten ez den maleta, izan ere, erasmus erritmoa hartzen duen horrek ez baitu maleta behin betiko inoiz ixten.
azaroa 28 2008 | Sailkatugabeak | 3 Comments »
